Ikastetxeko ikasleen artean gertatzen diren gatazkak konpontzen laguntzeko martxan jartzen dugun protokoloa da. Bitartekoak dira horren ardura dutenak. Bitartekoa gatazka dutenei arazoa konpontzen laguntzen dien hirugarren pertsona da.
Urtero 6. mailako sei, zazpi edo zortzi lagun izaten dira ikasle Bitartekoak.
Ikaskideen desadostasunak, arazoak… konpontzen lagundu ahal izateko “Adostokia” izeneko txoko bat erabil dezakete. Adostokian mahaia eta bi aulki daude. Aulki baten gainaldean “ahoa” dago marraztuta eta bestearenean “belarria”. Ahoaren aulkian esertzen denak hitz egiten du belarriaren aulkian dagoenak entzuten duen bitartean. Hasieran bitartekoari begiratzen diote. Ezin diote elkarri begiratu. Ondoren trukaketa egiten da… Bitartekoek tartean akta bat betetzen doaz. Gehienetan arazoari soluziobide bat ematen bukatzen da saioa, bi aldeak irabazle ateratzen direlarik. Adostokiaren erabilera atsedenaldian edota eguerdian egiten da gehien bat, beti ere heldu batek gainbegiratuta.
Hori guztia ikasturtean gertatzen diren gatazka desberdinetan, ikasleek laguntza eskatzen dutenean edota Bitartekoek laguntzaren beharra antzematen dutenean egiten da.